XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ELIZA BERRI. Zerurat oihuka

Eliza batean sartzen ikusten duzun gizon, emazte edo gazte horrek, zer ote derabila gogoan? Zer ote du erran edo galdatu nahirik, Jainkoari, saindueri, eta berdin etxe hortan dabiltzan bere haurrideri?

Bakotxak badaki bere berri, eta gehienek deusik ez dute salatzen.

Bainan gertatzen da, eliza edo komentu edo beila-toki batzuetan, kaier bat ezarria dela ateondoan, hartan nahi duenak izkiria ditzan bere otoitz-xedeak edo gogoetak.

Holako kaier bati beha egon berria naiz eliza batean, eta hantxe-hementxeka hartu lerro bakar batzu emaiten ditut hemen, nehoren izenik agertu gabe.

Besteen otoitzeri egin behako hau ez dadila izan guretzat kuriostate hutsezkoa, bainan lagunt gaitzala Jondoni Paulok erranaren obratzen: bozkariotan direnekin bozkariatzen, nigarretan direnekin nigar egiten.

Galdezko akta ainitz kausitzen dugu kaier hortan, ez baita harritzeko.

Osagarri galdeak lehenik.

Haur baten oihua: Ama senda zazu lehen bai lehen.

Xehetasun asko emanak zaizkigu: 42 urteko gizon bat, bi haurren aita, bihotzetik operatu beharra; 18 urteko neskato bat, xangreak hartua; eta zonbat holako.

Nola ez orroit, Jesusen ganat metaka biltzen zirela itsu, mutu, maingu, enbalier, eri mota guzietarik?

Beste gaitz eta zauririk ere bada familietan: ama gazte bat hila, aita haur ttipi batekin bakarrik gelditzen.

Bere buruaz beste egin duen ene semearentzat.

Gazte batek: Urte bat eginen du, emazte-gaia galdu nuela bideko ixtripu batean. Ondoko larunbatean ezkondu beharrak ginen.

Behin baino gehiagotan: senar-emaztek elgar ezin jasan, edo elgarretarik berexiak.

Haurriden arteko etsaigoak: Hamar urte huntan elgarrekin elerik egiten ez duten bi anaientzat.

Aita edo ama batek: Ene semearentzat: presondegitik atera dadin laster, eta bizi-molde xuxenago bati lot.

Drogari emanak diren gaztentzat.

Fededunek min dute, etxeko norbait ikusten dutelarik Elizatik urrundua.

Holako zonbaiten artetik: Mixelentzat: sortu berria da, eta ez dute bataiatuko.

Galdezko otoitzen ondoan, badira ere esker onezkoak.

Hogoi urte ezkonduak girela. Milesker.

Beste batek beretik: Berrogoi urte, elgarren amodioan.

Ez uste izan, bakotxak bere buruaz edo bere familiaz duela beti arrangura.

Ainitz badira, beren otoitza hedatzen dutenak Eliza guziaren xedetarat, mundu zabaleko behar-orduetarat.

Batek ezartzen du: Ene bekatu guzientzat.

Jesus alabainan bekatorosentzat jina da, eta ez justuentzat, edo beren burua justu daukatenentzat.

Azkenekotz, irakurtu ditugu nehork ezin konprenituzko solas bitzi batzu, burutik arras nahasia den baten lana.

Holako bat ere mintza dadin, zuzen da: gizonek ez badiote haren erraneri kasurik egiten, zeruko Aitari ez ote zaio goxo bere haurraren elasturia?

Horra hor, kaier xume baten lerroetarik, zerurat buruz altxatzen direla gizonen oihu mota guziak: sofrikariozko nigar, konfientziazko galde, alegrantziazko irrintzina, esker onezko kantu.

Denak entzuten ditu Jainkoak.

Eta guri ere galdatzen, elgar entzun dezagun.

J.H.

]-U.